Klak #11 - Pikutara goaz
PODCASTA
Aldaketaren trena, gu konturatu orduko aspaldian pasa dena. Ez gara klimaz bakarrik jardungo #Lokatzetan gizartearen etorkizuna dago jokoan. Gorputza da Elenerentzat ahotsa, hitza, kantua... #Klaketa gaur egungo dantzak hartu duen norabidearekin bete du. Eta atala isteko, Eztizen Artolak #KakotxArtean gazteok presoei bisitatzearen garrantzia azpimarratu du.
Kakotx artean
Motxila bete elkartasun
Bidean, zugan pentsatzen, bidean zenbat oroitzapen…
Kartzelak urrundu, bakartu, suntsitzen du. Euskal Herriko zenbait herrietan auzokideak, baina batez ere, gazteak antolatu eta auzo edo herriko presoak bisitatzeko antolatu izan dira.
Hurbilasuna, gaztetasuna, alaitasunez betetzen dute bidaia luzeko motxila, eta hara doaz, edonora; agian inoiz auzoko kaletik oinez ikusi ez dutenari bisitan, baina bai tabernetako eta pankartetako irudietan.
Eztizen Artolak bidaia baten kronika egin digu, #KakotxArtean.
Klaketa
Gorputza da hitza
Elene Carreto dantzaria dugu gaurkoan Klaketan. Durangarra berez, Hernanin bizi da. Oreretako Dantzaz konpainian dabil lanean, eta bertara mugitu gara Elenerekin dantzaren gaur egungo nondik norakoen inguruan mintzatzera.
Tik Tok, Dantzari-influencerrak… gutxiegi hitz egin izan da fenomeno horien inguruan. Zergatik dantzatzen dute hain ongi gaur egungo gaztetxo guztiek? Erantzun guztiak podcastean.
Lokatzetan
Krisia letra larriz
Bigarren olatuaren bi lekuko ekarri ditu Oiherrek aste honetan Lokatzetara. Luca, Gazteizko Fridays For Futureko kidea, eta Gorka, Aroztak herri-ekimeneko kidea.
Biak ala biak, ingurugiroaz kezkatzen hasi berri den belaunaldi horren parte dira. Xahuketa eta suntsiketa, ordea, ez da tamalez iraganeko afera. Merkatuak pixkat garbiago bizitzeko baliabideak eskaintzen badizkigu ere, egiturazko arazo batek egiturak aldatzea beharrezkoa du, arazoari aurre egin nahi bazaio behintzat.
Hori eta beste mila gauza aste honetako atalean.