Azken asteetan LAB sindikatuak jakitera eman zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila EAEko ikastetxe publikoetako ikasgeletan kamerak instalatzen hasia zela, hezkuntza komunitatearen onarpenik gabe eta aurrez informaziorik helarazi gabe.
Honen aurrean, ikasleok, hurrengo irakurketa egiten dugu: ez dugu onartuko langileen kontrolerako balio duten eta ikasleen intimitatea urratuko duten gailuak gure heziguneetan ezartzea.
Egungo hezkuntza, egitura eraldatzailea izan beharko litzatekeena eta subjektu askatzaileak sortu beharko lituzkeena, geroz eta arazo estruktural gehiago dituen egitura da. Egitura eraldatzailea izatetik urrun, hezkuntza sistema, sistema kapitalistaren zutabe nagusienetako bat da, eta hau sostengatzeko funtzioa dauka. Azkenean albiste hau, horren seinale bat gehiago besterik ez da.
Hezkuntza Sailak, beharrezkoa du haien interesak bermatu ahal izateko eta ikasle zein langile kritikoak kontrolatu eta deuseztatu ahal izateko, kamerak bezalako tresnak baliatzea. Logika horri erantzunez, Hezkuntza Sailak alde bakarrez hartutako erabakia dela azpimarratu behar da, hezkuntza komunitatearen nahi eta beharrak kontuan hartu gabe egindako hautua. Normala den bezala, urduritasun eta ezinegona eragin du beste behin ere, aurretiaz zehaztasunik eman gabe kameren instalazioarekin hasi baitziren.
Hezkuntza Sailaren hitzetan, “Ikasgela digital interaktiboak Hezkuntza Ekosistema Digitalizatzeko Lurralde Lankidetzako Programaren esparruan daude (#EcoDigEdu), Europar Batasuneko Suspertzen eta Erresilientzia Mekanismoak (Next Generation UE) finantzatuta”. Programa honek, kamerez gain, beste hainbat gailu interaktibo berritzeko edo instalatzeko helburua dauka, digitalizaziorako aurrerapausoak emateko aitzakipean. Zalantzarik gabe, garai digitalera egokitu behar dira hezkuntza sistema zein metodo pedagogikoak. Prozesu honetan, hezkuntza komunitatearekin batera egin behar dira urratsak. Hezkuntza eraldatzailera zein metodo pedagogiko berritzaileetara egokitu behar da digitalizazioa, eta ez alderantziz.
Ikasleok ikasgeletan metodo pedagogiko berriak behar ditugula aspaldi azpimarratu genuen; egungo euskal gizartearen errealitatera egokituko diren metodo pedagogiko berriak behar ditugu, ikasleon eta hezkuntza komunitatearen beharrekin bat datozenak, noski. Kameren instalazioak, aldiz, ez ditu behar hauek asetzen. Kontrara, behar hauek alde batera uzten ditu. LABek esan bezala, ikasleok ere, teknologia berriak ikasgeletan inplementatzeak ikasleengan duen eraginaren inguruan hausnartzeko beharra aldarrikatzea ezinbestekoa da.
Orain arte Ikamak aldarrikatu duen bezala, Euskal Herriak eta euskal ikasleriak, bere neurrira egokituko den hezkuntza sistema bat behar du. Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat sortuta egongo dena, bere hezkuntza komunitateak eraikitakoa eta ikasle zein langileen beharrak erdigunean jarriko dituena.
Beraz, argi dago. Hezkuntza Saila teknologia digitalak modu neurrigabe batean inplementatzen ari den bitartean eta ikasleon kontrolerako balio duten neurriak areagotzen ari den bitartean, planto egitea tokatzen da. Hezkuntza prozesu duina bermatuko duten baliabideak exijitu behar dira: ikasleon eta langileon lan eta ikas baldintzak hobetzera bidean, baliabide pertsonal zein azpiegituretan egin behar dira inbertsioak, ez kameren instalazioan.
Horrela, hainbat ikastetxeetako klaustroetan hartu diren erabakiei babesa eman die Ikamak: dagoeneko instalatuta dauden tokietan kamerak ez konektatu eta ez erabiltzea.
Ikasleok kameren instalazioari ez!
