«MEZUA ALDATZEKO GARAIA DA: BEHARTUTAKO LORE GUTXIAGO ETA SEXU-HEZIKETA GEHIAGO.»

Urteetan zehar, otsailaren 14an plastikozko bihotzek eta errealitatearekin zerikusi gutxi duen maitasun erromantikoaren ideia bat airean dabil. Data hori “benetako maitasunarekin”, bikotearekin, esklusibotasunarekin eta sakrifizioarekin lotzen irakatsi digute, maitatzea pixka bat sufritzearen sinonimoa balitz bezala. Baina otsailaren 14a Sexu Osasunaren Eguna ere bada. Eta horrek erabat aldatzen du ikuspegia.

Sexu osasunaz hitz egitea ez da soilik prebentzioaz edo arriskuez hitz egitea: plazerraz, adostasunaz, desiraz, zaintzaz eta askatasunaz hitz egitea da. Gorputzaren desobedientzia, gozamena eta desiraren zaintzaren ikaskuntza aitortzea da. Sexualitate osasuntsu bat ez da herentzian hartutako arau erromantikoetan oinarritzen, sexu- eta ugalketa-eskubideen eta sexu-ongizatearen inguruan norberak eta harremanek eraikitzen duten arauetan baizik.

Gainera, otsaila inauterietako hilabetea ere bada: euskal kultura kalean, mozorroak, musika, dantza, jolasa, barrea eta ospakizuna. Hilabete bat, non desira adierazi, partekatu eta kolektibo bihurtzen den. Eta hor sartzen da sexu osasuna modu naturalean: geroz eta hobeto gozatzeko modu bat bezala, plazerra askatasunetik, adostasunetik, elkar zaintzatik eta komunitatetik bizitzeko modu bat bezala.

Agian, mezua aldatzeko garaia da: behartutako lore gutxiago eta sexu-heziketa gehiago, mito erromantiko gutxiago eta plazer kontziente gehiago, maitasunaren idealizazio gutxiago eta norberaren eta besteen gorputzarekiko errespetua. Izan ere, otsailaren 14an ez genuke lotura idealizaturik ospatu behar, harreman osasuntsuak baizik. Ez betiereko promesak, benetako zaintzak baizik. Ez maitasun ipuinak, sexualitate libre, seguru eta desiratuak baizik.