Datorren ekainaren 6an gazteok, kirola eta aldarrikapena uztartuz, ohiko eskemak gainditzeko prest gaude. Horregatik, ehundaka gaztek, Bilboko kaleak hartu eta askatasunerantz Lasterka egingo dugu, aldarri independentista lau haizetara zabalduz. Hemen, badagoelako gazteria kapa zabal bat, hirigune eta Bilbo euskaltzale baten sinisten duena eta horretarako lanean gabiltza.
Anbizioz eta gogotsu diogu, Lasterka Askatasunera, geratzeko etorri den ekimena dela. Baina zergatik Lasterka? Bada Bilbo soilik kapitalismoaren eta kontsumoaren hiria dela sinistarazi nahi digutenak, baina guk argi diogu, hemen, badaude milaka gazte eraldatzaile, auzo eta herrietan ehun komunitarioaren alde lanean, herrigintzan zein auzogintzan jarduten dutenak, bestelako hiri baten alde. Eta guri ere, olatu berri hau hauspotzea dagokigu, sen parte-hartzaile, kolektibo eta solidarioa aktibatuz. Konbentzituta gaudelako, posible dela bestelako hiri-eredu batekin amestea.
Eta kiroletik asko dugu gozateko, horregatik egiten dugu lasterka, independentziaren aldarria lau haizetara zabalduz, herri libre batekin amesten dugulako, zapalkuntzarik gabeko herria nahi dugulako, pertsona ororen eskubideak defendatuko dituena, gure kultura defendatuko duena, eta nola ez, euskalduna izango dena. Horregatik guztiagatik gara independentistak, gazte independentistak.
Hiriguneko gazteriak, independentzia eta askatasuna aldarrikatzen jarraituko du, garaiak hala eskatzen duelako. Beraz, Bilboko kaleak indarrez beteteko ditugu, auzolanaren grinak eta indar kolektiboak mugiarazten gaituelako, eta argi dugulako, hemen badela gazteria eraldatzaile, euskaldun eta feministon kapa zabala, olatu erreakzionario eta atzerakoiaren aurka lehen lerroan egongo dena.
Gazteria independentista etorkizuna borrokatzeko prest dago, eta Lasterka goaz!
