Araitz Katarain eta Lide Arrieta (EHGF)
ZER DA BIDEORRIA?
Feministontzat, ezinbestekoak dira eztabaidak, hausnarketa kolektiboak eta eguneroko lan militantea; beti izan dira, baina orain, are gehiago, ideia askatzaileak, etorkizuna eta oraina bera lapurtu nahi dizkiguten garaian baikaude.
Gazte feministok gure begien aurrean eta gure kontra egunero erreproduzitzen den sistema honi erresistentzia egiten diogu bere fronte guztietan. Eta erresitentziatik haratago, bestelako munduak irudikatzen gabiltza: etorkizun feministak gaurdanik eraikiz, osotasuna eraldatzeko anbizioaz.
Horretan dihardugu herriz herri eta auzoz auzo, eta eztabaida, hausnarketa eta lan militante horren emaitza da eskuetan duzuen bide-orria. Urtez urte biderkatu ditugun borrokak eta eraldatu ditugun estrategiak jasotzen dituena: mugimenduan bizi baita feminismoa, bidean egiten baita, bidean egiten baitugu.
Bizi dugun momentua, atzera egitekoa baino, militantzia feministan berretsi, egindakoetatik irakaspenak bildu eta estrategia eraginkorrak osatzekoa da. Helburu horrekin osatu dugu Euskal Herriko Gazte Feministon bide-orria: nondik gatozen oroitzeko, baina batez ere, gure bidea zein den argitu eta nora goazen definitzeko.
ZER JASOTZEN DU?
Hiru galdera nagusik ardazten dute bide-orria:
“Nola heldu gara honaino?” atalean, Gazte Feministon sarearen ibilbidea jasotzen da, 2017.urtean lehen neska* gazte taldeak sortzen hasi zirenetik, gaur eguneraino bitartekoa.
“Nondik abiatzen gara?” blokean kokapen politikoaren ardatz funtsezkoak jasotzen ditugu, nondik begiratzen diogun munduari: Euskal Herritik, hiru zapalkuntza sistemen begiradatik, autonomia eta aliantzetatik eta, azkenik, azte subjektuaren potentzialtasunetik.
“Nondik ekingo diogu?” atalean lan edo borroka-ildo nagusiak zehazten ditugu. Lekuan leku antolatzen gara Gazte Feministok eta sare izaera duen mugimendua da gurea; beraz, ez da erraza ildo nagusiak izendatzea. Dena den, jardun nagusia ondorengo lau puntutan barnebildu dugu: autodefentsa feminista (patriarkatuaren aurkako borroka antolatzeko estrategia politiko gisa); transfeminismoa (sexu-genero disienteok lehen lerroa hartu eta borroka moldeak eraldatzeko, noski, TERFen erasoak salatzearekin batera); dekolonialitatea (etengabeko berkokatze prozesu kolektibo gisa ulertuta, eta sistema kolonialaren aurrean pausoak emateko bide posibleak zehazturik) eta EHMFa gaztetasunetik indartu eta hauspotzearen jarduna.
ZERTARAKO BALIATUKO DUGU?
Izan bedi Euskal Herriko Gazte Feministon bide-orria, antolakuntza feminista Euskal Herriko oholtza, bilera-gela, gaztetxe, asanblada eta piketeetara eramango duen heldulekua. Herriz herri eta auzoz auzo antolatzen garen gazte feministontzako euskarri gisa baliatuko dugu, Euskal Herria Feminista eraikitzen jarraitzeko.
Euskal Herriko Gazte Feministok hemendik ekingo diogu. Gora Gazte Feministon borroka!
