Azaroaren 2an iragan zen Debrien Figurak egun transfeminista, lehen aldiz, Larzabalen, Espelletenia, Baipeleteneko Irakurle Kluba eta PAF elkarteen eskutik. Eguna azokarekin hasi zen, zeinean bertako emazte* artisau eta laborariak elkartu zituzten; Eli Pagola, Miren Artetxe eta Nahia Etxeberri bertsolariek girotu zuten.
Plazeratu kolektibo iruindarrak bestari buruzko lantegi bat eman zuten, baita DJ lanak egin ere. Baserri giroan queer izateari buruzko saio batek gaiari merezi zion zentralitatea eman zion. Bukatzeko, Altxalili kabaret queerrak eta Zetkin talde baionesak gaua girotu eta emozioak suspertu zituzten.
Egun osoan zehar adin guztietako, genero guztietako eta bazter guztietako jendea bildu zen, bertakoa eta kanpokoa. Landa eremuan ere queer espazio gozagarriak sortzen ahal direla erakutsi zuten, hala.