«GURE ESKU DAGO BORROKA HARI JARRAIPENA EMATEA.» 

1976ko martxoaren 3a ez da iraganeko data huts bat; Gasteizko kaleetan oraindik zabalik jarraitzen duen zauria da. Zaramaga auzoko elizako hormen artean bildu ziren langileen aurka tiro egin zuten eguna izan zen, baina batez ere, herri oso baten duintasunaren aurka egin zuten eraso gordina. Berrogeita hamar urte igaro dira ordutik, eta hala ere, memoriak ez du hautsa hartu: borrokak bizirik dirau, belaunaldiz belaunaldi transmitituz.

Gure belaunaldiak ez zuen hura zuzenean bizi izan. Gu ez ginen han egon keak milaka langile arnasestuka itotzen zituenean, ezta balek gorputzak zeharkatu zituztenean une latzean ere. Baina memoria ez da soilik sarraski hartan bizi izan zena gogoratzea; memoria transmititu, jaso eta zaintzeko ardura ere bada. Eta ariketa hori gure gain hartzea dagokigu, ez soilik gertatutako gogora ekarriz, baizik eta erantzunkizun politikoagatik ere.

Hamarkadek aurrera egin ahala, zapalkuntzak aurpegia aldatu du, baina ez da desagertu. Lan prekarioak normalizatu dira, etxebizitza eskuratzeko zailtasunak egunerokoaren parte bilakatu dira eta gorroto diskurtsoak eta faxismoaren berragerpenek indarra hartu dute. Testuinguru honetan, gazteon bizitza duinak eta askeak ez dira kasualitatez iritsiko, ez dira inork eskuzabaltasunez emango dizkigun opariak. Antolatu ezean, zapalduak izaten jarraituko dugu. Horregatik, gazte antolakuntza ez da aukera bat, behar historikoa baizik.

Martxoaren 3ko langileek argi erakutsi ziguten antolakuntzak beldurra sortzen diola botereari. Elkartu zirenean, eskubideak aldarrikatzeko eta duintasunez bizitzeko nahia adierazteko, sistema oso baten oinarriak astindu zituzten. Haien indarra batasunean zegoen, elkartasunean eta kontzientzia kolektiboan. Gaur, borroka horren lekukoa hartu dugu, eta norabide berdinean aurrera egiten jarraitzea dagokigu. Gazte antolakuntza da borroka hori bizirik mantentzeko modurik zintzoena, iraganari leial eta etorkizunari ausart begiratzen diona.

Are gehiago, azken urteotan indartzen ari den erreakzioaren aurrean, ezinbestekoa da borroka ikuspegi zabal, interzekzional eta ausart batetik ulertzea. Borroka transfeminista, antiarrazista eta antifaxista ez dira aparteko aldarri isolatuak: zapaltzen gaituen sistema beraren aurkako fronte desberdinak dira. Gazte antolakuntzak borroka horiek guztiak uztartzeko tresna izan behar du, sektore zapalduen ahotsak erdigunean jarriz, bazterretatik erdigunera ekarriz, eta gizarte aske eta justu bat helburutzat hartuta.

Berrogeita hamar urte igaro dira, baina Martxoaren 3ko borroka ez da amaitu. Ez da oroitza soil batera mugatzen, eguneroko borrokan berritzen den konpromisoa da. Gure esku dago hari jarraipena ematea. Gure esku dago kaleak, plazak eta ikastetxeak berriz hartzea, elkarrekin eta batasunez, inposatutakoari aurre eginez. Gazteon bizitza duinen alde, gure neurriko hezkuntza-sistema baten alde, gizarte justu baten alde, eta iraganeko odola alferrik isuri ez zela ozen aldarrikatzeko, kaleak hartuko ditugu.

Memoria borroka delako. Eta borroka, antolatuta, etorkizuna delako.

Gazte antolakuntzaz, borrokak darrai!

Peio eta Maddi

Gazte Blokeko kideak