Zein liburu gomendatuko zenuke? Zein da irakurri duzun azken liburuak? Hona hemen Klaketik egiten dizugun liburu proposamenak.
- Mundu zitalaren kontra. Lizar Begoña idazle sopelarrak Igartza saria eskuratu du bere lehen eleberriarekin. Benidormeko kiosko baten gorabeherak kontatzen ditu, belaunaldien arteko jolasari tokia emanez.
- Herriaren hezkuntza eta demokrazia. Leire Azkargortak itzuli du Nadezhda Krupskaiaren erreferentziazko saiakera hori. Langileen emantzipaziorako balioko zuen hezkuntza-ereduari buruz solastu zen Errusiar Iraultzaren bueltan.
- Euskal Herriko 40 emakume. Egon ginen, izan ginen. Cira Crespo historialariak eta Elena Ciordia marrazkilariak berriro ere indarrak batu dituzte euskal emakume batzuk argitara ateratzeko. Honetan, liburu irakurterraz bat landu dute.
- Palestinaren okupazioaz eta kolonizazioaz. Amaia Astobizak eta Iñigo Roquek euskaratu dute Perry Andersonen saiakera hori. Historialari marxista horrek New Lef Review aldizkarian argitaratu zituen liburuan agertzen diren bi artikuluak.
- Mesfida zaitez da Bea Salaberri idazle behenafartarraren azken eleberria. Nafarroa Behereko herri txiki batetik Baionara ikasketak egitera doan Laurendia gaztearen bizipenak kontatzen ditu, euskal gatazkaren garaian.
- Ai, ene onetsia! Gorka Lekaroz euskal filologoaren lehen bakarkako liburua da, hainbat argitalpen akademiko egin ostean. Pirinio hegoaldeko eta Pirinioaurreko euskara aztertu ditu, azken hiztunak bilduz eta testu zaharretan muturra sartuz.
- Hitzak palmondo. Amaia Astobizak itzuli du eta Begonia Santa-Ceciliak ilustratu du Silvia Federici pentsalari feministaren poesia liburu hori. COVID-19aren pandemiaren garaian osatu zen lan hori, akuarelazko marrazkien laguntzarekin batera.
- Puta Gorda. Yolanda Larreategik idatzi du album hori eta Helena Azkarragaurizarrek ilustratu. Izenburuak dioen bezala puta eta lodi etiketen inguruan solasten da.